«Aterki zabal» izateko bidean

KOSA gogoeta zikloan, EHGAMen etorkizuna izango dute hizpide, besteak beste. Euskaraz eta LGBTI komunitateaz ere ariko dira, askotan «gorputz beretan gurutzatzen» baitira biak.

Hausnarketa zikloko jardunaldi bat, Arrasaten. EHGAM.
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
EHGAMek «gizon marika zurien» gune izateari uztea, eta LGTBI komunitate guztiarentzako «aterki zabal bat» bilakatzea: hori da EHGAM sexu askapenerako erakundeak antolatutako KOSA —Koronabirus Osteko Sexu Askapena— hausnarketa zikloaren helburua.

Gogoeta zikloaren barruan, zenbait topaketa, mahai inguru eta elkarrizketa antolatu dituzte, urriaren 27tik azaroaren 13ra bitartean; besteak beste, LGTBI komunitate eta borrokentzat «garrantzitsuak» diren auziak eztabaidatzeko asmoz. Biharko, adibidez, egun osoko egitaraua prestatu dute Bilboko Karmela gune autogestionatuan. 10:00etan hasita, genero disidentziaz, kultura ez-heteronormatiboaz eta LGTBI borroketan euskarak duen lekuaz ariko dira, eta, egitaraua ixteko, EHGAM «berramesteko» tailer bat egingo dute.

Kepa Blazquez Roteta EHGAM Berramesten egitasmoko kidearen ustez, zikloak «komunitatearen barruan saretzeko» balio dezake. Gaur egun «oso garrantzitsua» da saretze hori lortzea; batetik, LGTBI komunitatearen aurkako «erasoak goraka» doazelako, eta, bestetik, «lortuta zeuden eskubideak atzerabide bat hartzeko zantzua edo beldurra» dagoelako. Saretzea, beraz, «egoera horri aurre egiteko modu bat» izango litzateke.

Euskaraz eta euskaratik

Blazquezen arabera, Euskal Herriko LGTBI komunitateak euskararekin duen harremana «oso plurala» da, eta bi gaiak, berriz, «banaezinak»: «Alde batetik, batzuetan, gorputz beretan gurutzatzen dira bi gaiak, eta, bestetik, bazterreko posizioetan daude biak». Horregatik jarriko dute euskara «lehen lerroan», LGBT+ euskaraz eta euskaratik: gure borroketan euskarak duen lekuaz eztabaidatuz elkarrizketa kolektiboan.

«Azken urteotan» feminismoak eta euskalgintzak egin duten «zubi lana presente dago» LGTBI borrokan, hala adierazi du Blazquezek. Gainera, batzuetan komunitate horretako kide izatea eta euskararen gaia «bat dira»; izan ere, biak «gorputz beretan gurutzatzen» dira: «Gorputz beretik jarduten dugu bietan».

Horrez gain, «sexualitatearen esparruan» ere LGTBI komunitateak eta euskarak badituzte zenbait antzekotasun, askotan biak «bazterrean» baitaude: «LGTBI komunitatea bazterreko posizio batean dago, eta egoera linguistikoari dagokionez, diglosia dagoenean, euskara da baztertuta gelditzen den hizkuntza».

EHGAM LGTBI komunitatearentzako «aterki zabal» bihurtzeko bidean, erakundeko «zutabeak» edo lan ildoak planteatzen hasi ziren bilera batzuetan. Blazquezek azaldu duenez, euskara «hausnarketa ziklora eramatea» erabaki zuten, euskara EHGAMen «zutabe bat» izan delako «historikoki», eta etorkizunean ere lan ildo «potente» bat izan «behar» duelako. Bilera horietatik atera ziren, besteak beste, biharko jardunaldian jorratuko diren gaiak eta parte hartzaileak. LGBT+ euskaraz eta euskaratik elkarrizketa kolektiboan, esaterako, EHGAM sortu zenetik erakundeak euskararekin izan duen harremanari buruz ariko dira, eta LGTBI komunitateko hiru kidek euren bizitzan euskararekin zer bizipen izan dituzten kontatuko dute.

Sorburutik etorkizunera

Memoriaren ikuspegitik hasiko dute elkarrizketa kolektiboa, «ezin delako ahaztu nondik gatozen». Horretarako, Imanol Minerrek eta Raul Lopezek hartuko dute hitza. Miner 1990eko hamarkadaren erdian hasi zen Gazte-EHGAM taldearen ekinaldietan parte hartzen, eta euskalgintzan egin du bidea nagusiki, sexu askapenerako mugimenduetatik gertu. Lopez, ordea, Bartzelonan sartu zen mugimendu antimilitaristan, eta 1990eko hamarkadan Nafarroako EHGAMen aritu zen.

LGTBI komunitateko kideek euskararekin izan dituzten bizipen eta prozesuei «legitimitatea» emateko, modu «oso desberdinetan» euskara eta LGTBI borroka «gurutzatuta» dituzten hiru pertsonak hitz egingo dute: June Fernandezek, Izaskun Aranbarrik eta Javi Guadañak.

Fernandez kazetari «bibollofeminista» da, eta Larrabetzuko (Bizkaia) Zutunik talde feministako kide izateaz gain, Nola esan/izan bollera euskaraz proiektuan aritzen da. Blazquezek azaldu duenez, «gaztelerazko kazetaritzan erreferente gisa» ezagutu zuten Fernandez, baina «aldaketa bat egin zuen linguistikoki». Aldaketa horren «digestioa» eta bere proiektua izango ditu hizpide. Aranbarri Eibartik (Gipuzkoa) Bilbora joan zen gazte garaian, eta euskalgintzan aritu zen lanean. Bilbon bizi izan duen «bollerismoaren eta euskararen» arteko harremanaz eta azken hogei urteotan «amatasun bolleroan» izan duen borrokaz hitz egingo du. Guadaña «euskarara etorri berri» den «anarkomarika» da, eta euskalduntze prozesuan «ireki» zaizkion «perspektibei buruz» arituko da.

Sorburuari eta orainaldiari buruz hitz egin ondoren, etorkizunera begira jarriko dira Karmela gune autogestionatuan. Besteak beste, euskararen gaiari dagokionez, EHGAMen lan ildoak zeintzuk izan beharko liratekeen landuko dute, eta bertaratutakoekin ere arituko dira gaiaz, «dinamika batzuen» bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.