Aliantzak sendotzen: gay askapenetik sexu askapenera

  • 1977. urtean, Durangon egindako bileraren ostean, EHGAM sortu zen. Akronimoaren atzean, Euskal Herriko Gay Askapen Mugimendua hitzak eta, ekimenaren atzean, urte luzeetan sexu askapenaren borrokan, eta beste hainbatetan, protagonista edo ekintzaile anonimo izan diren hainbat pertsona. Tartean, EHGAMeko “gay” horrek ez zuen oraindik gaur egun duen esanahia; ez zion gizon homosexual mota espezifiko bati soilik erreferentzia egiten. Asmoa sexualitate eta generoaren begirada arautuaren ondorioak pairatzen zituzten ororentzat borrokatzea zen. 45 urte pasa dira eta gorabehera ugari ere. "Gay" ez da jada denok azpian bildu gaitzakeen aterkia eta LGBT+ borrokak (eta Ehgamenak) dibertsifikatu egin dira, onerako zein txarrerako.


2021eko azaroaren 04an - 05:50

Artikulu hau Pikara Magazinentzat idatzi du Ehgam Berramestuz ekimenak, eta euskarazko bertsioa ARGIAra bidali dute, gurean ere publikatzeko.

Duela urtebete inguru Bizkaiko Ehgameko kideen deia jaso genuen, mugimendua berrindartu eta belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko laguntza eskatuz. Jende multzo txikia elkartu ginen, gehienok elkarren artean ezagunak gainera, hainbat borroka eta ekimenetan topo egindakoak. Lehen egunean Ehgamek guretzat zuen esanahiaz jardun genuen eta gehienok lotura indartsua genuen elkartearekiko, sekula bertako kide izan ez arren. Gutariko askorentzat, Ehgamen kartel, pegatina, kanpaina, akanpada eta prentsa oharrak izan ziren LGBT+ izateaz entzun genuen lehen erreferentzia positiboa, gure eguneroko inguruneetan gure buruaz jabetzen lagundu ziguna: urduritasunez beterik jantzi genuen “borrokarako gay” kamiseta hura, herriko faroletan itsatsitako “Cárgate la norma” pegatina edo mutilen zein nesken arteko harreman sexualetan kondoiak nola erabili azaltzen zuen triptiko hura. 1977an Durangon bildu zirenek haien erreferenteak beste leku batzuetan bilatu behar izan zituzten. 2020an Hernanin bildu ginenontzat, Ehgam gure erreferente handienetakoa zen. Zentzu horretan, elkarte hau altxor txiki moduan ikusten dugu, gutako askorentzat borroka ugariren bidea seinalatzen digun argi bat, soinu bat, lurrean egindako marka.

Baina ezinbestean aurreko paragrafoan “gutariko askorentzat” eta ez “guztiontzat” idatzi dugu. Ehgam bezalako elkarte baten LGBT+ siglen azpian biltzen diren subjektu eta borroka guztientzako tresna izan nahiak ez duelako esan nahi lortu dugunik. Eta gaur gaurkoz, Ehgam berrindartzea eta bere jardunarekin jarraitzea, halabeharrez, elkartea gaur egungo errealitatean kokatzea dakar, egindako bideaz kritikoki hausnartu eta mugitzen jarraitzeko behar ditugun baldintzak sortzea. Amaierarik gabeko hausnarketa prozesuetan erori gabe, egitearen bidez nahi dugu elkartu eta pentsatu, baina ezin dugu, besterik gabe, aurrera jo.

Nahikoa ez diren aldaketak

Urte hauetan guztietan sexu askapenaren inguruko borrokak aldatu dira, haien testuinguru diren gizarteak aldatu diren modu bertsuan. Oso luze joko luke aldaketa guztiak zerrendatzea, baina beharrezkoa da aspektu gutxi batzuei erreparatzea. Azken hamarkadotan LGBT+ pertsonen bizitzan eragin handia izan duten hainbat lege eta ordenamendu juridiko-administratibo onartu dira edo onartzeko tramitean daude. Bakoitzak bere iritzia izango du horien inguruan, baina esan gabe doa homosexualitatea kode penaletik ateratzeak, sexu berekoen arteko ezkontzak, adopzio araudien aldaketak, nortasun generikoa aldatzeko legeek edo osasungintza-gidetan egin diren aldaketek, besteak beste, gure bizitzetan eragin handia izan dutela. Eta esan gabe doa ere, eta jada argi esan dezakegu, aldaketok ez dituztela gure arazo guztiak konpondu. Kasu askotan, gainera, arazo berrien sortzaile izan dira, edo jazarpen eta diskriminazioak LGBT+ komunitate barruko pertsona kaltetuengana desplazatu dituzte (langile klase migranteetara, adibidez).

Baina aldaketa hauek ez dira nahikoa sakonak izan, ez baitituzte sistemaren beraren oinarriak ukitu edo zalantzan jarri. Egungo eredu liberal-kapitalistara integratu nahi gaituzte, eredu hori zegoen moduan utziz edo, kasu askotan, indartuz ere. Adibide ona da familiarena. Ezkontza, adopzio eta haurrak izateko metodo ugariei esker, LGBT+ pertsonok badugu estatuak eta gizarteak aitortzen dituzten moduko familiak sortzea. Matrimonioaren eta familiaren instituzio santua urratu dugu, arrakala bat sortu eta barruan sartu gara eta, gezurra badirudi ere, instituzio horiek indartuta atera dira prozesu horretatik. Kontserbadore eta erreakzionario ugarik kexa egin eta ahotsa altxatu arren, egungo sistema ekonomikoak behar duen familia ereduak bere funtzioa betetzen du oraindik ere: kapitalismoak ezinbestekoa duen erreprodukzio lana espazio pribatura mugatu eta diruz ez ordaintzea, kontsumoaren unitate izatea eta kontsumo-kulturaren transmisioa egitea, estatuaren kudeaketa erraztuz eta bideratuz. Esaterako, 2008an etan 2020an enegarren agerraldia egin duten krisiak familietan konpondu dira, espazio pribatura eramanez enpresa handiak eta sistema ustela erreskatatzearen ondorioak. Familiak dira, nagusiki, hautsitako plater horiek ordaindu behar izan dituztenak haien ekonomiak etengabeko prekarietatera moldatuz, eta familia horien artean, LGBT+ familia “normalak” (bi guraso eta seme-alabez osatuak) ere egon dira. Eredu horretatik kanpo dauden familiak, familia zabalak, odol loturez haragokoak, lagunekin osatutakoak, nahikoa lan izan dute ere, baina ez dute estatuaren onarpenik jaso.

Tolerantzia eta errespetuaren diskurtsoek muga argiak dituzte. Posible da esatea trans* emakumeek enpleguan jasaten duten egoera “diskriminatzailea” dela, baina ez da posible enpresarien kontratazio ereduak aldatzea

Azken hamarkadotan begirada kulturalisten gorakada ikusi dugu gure mugimenduetan eta, bereziki, kontsumo kulturan. LGBT+ aferak onarpen kontu hutsa direla planteatzen dutenak, errespetua eta maitasuna dagoenean dena konpondu daitekeela uste duten begiradak. Berriz ere, hori guztia garrantzitsua dela jakin arren, badakigu ez dela aski.

LGBT+ kontuek uste duguna baino lotura handiagoa dute gizartea antolatzen duten bestelako elementuekin. Politika erreakzionario eta faxistentzako guda-zelaia dira, bai, baina baita ekonomiarentzako ere, dela familia ereduaren bidez edo kontsumismoaren bidez (bai, lagunok, azken urteotan hori ere bilakatu baikara, merkatuaren nitxo bat). Horregatik egoera ekonomikoa larritzen denean ugaltzen dira eraso LGBT+fobikoak, gizartearen egoera ekonomikoa eta bere ideologia sexuala elkarri lotuta daudelako. Eta horregatik ere, tolerantzia eta errespetuaren diskurtsoek muga argiak aurkitu dituzte sistemaren beste ardatz batzuk ukitu nahi izan dituztenean. Egun, posible da esatea trans* emakumeek enpleguan jasaten duten egoera “diskriminatzailea” dela, baina ez da posible enpresarien kontratazio ereduak aldatzea, enpresa pribatuaren autonomia ukiezina delako. Posible da sexu berekoen artean ezkontzea, baina tentuz ibili atzerritartasun legea tartean badago. Posible da heterosexual txuri pilo batek gizartean kontzientzia sortu asmoz LGBT+ koadrila bati buruzko serie eta pelikulak ekoiztea eta, tartean, ikus-entzunekoen sektorean LGBT+ pertsonen langabezia tasa besteena baino altuagoa izatea.

Klase soziala, generoa, arrazializazioa

LGBT+ komunitatearen irudi ideal hori aspaldi erori zaigu. Ezin dugu “egoera berdina bizi duten” pertsonen inguruan hitz egin gutariko batzuek eta besteek bizi dituzten egoerak aintzat hartu ezean. Gizon gayen egoera ez da emakume trans*ena. Bisexualena ez da lesbianena eta hauena ez da trans* ez-bitarrena. Gainera guztiok daukagu klase sozialaren, generoaren eta arrazializazioaren oinarria.

Egoera-aniztasun horren aurrean, mugimenduak tresnak bilatzen jakin izan du, adibidez, egoera espezifikoak bizi dituzten pertsonek haien ekimen edo taldeak sortuz. Noski, horrek badu bere B aldea ere: gure borrokak gero eta zatikatuagoak daude, maiz indarrak batzeko gaitasun urria dugu eta, gainera, merkatuak ondo aprobetxatzen ditu aukera horiek lehenago aipatu ditugun merkatu-nitxoak gero eta espezifikoagoak izan daitezen. Ondorioz, etsipena nagusitzen da, eta etsipena da borroka ororen etsairik handiena.

Ehgamek, testuinguru hori guztia guzti aintzat hartu eta bere ibilbidean egindakoari buruzko kritika egin behar du ere. Urte luzeetan gure mugimendua murrizten joan delako, bai kide kopuruan bai eta, bereziki, kideen ordezkaritzari dagokionean ere. Hitz gutxitan esanda, gizon gayen mugimendu bilakatu gara. Eta elkartea berrindartzen hasi nahi badugu, hortik abiatu beharko dugu halabeharrez. Uste baitugu merezi duela Ehgam denontzat aterki eta tresna izatearen amets horrek. Sexu askapenaren aldeko aktibismoak zentzu gehiago duelako elkarrekin aurrera egiten badugu, denon partikulartasunak aitortuz eta borrokei beharrezko autonomia eskainiz, noski. Areago, uste dugu ezin dugula sexu askapenaren borroka beste batzuetatik aparte egin, alegia, elkarlana eta saretzea ezinbesteko ditugula, feminismoarekin, borroka antikapitalistekin, antiarrazistekin, euskaltzaleekin, ekologistekin eta, oro har, gizarte-eredu berri eta justuagoen alde ari direnekin.

Gure borrokak gero eta zatikatuagoak daude, maiz indarrak batzeko gaitasun urria dugu eta, gainera, merkatuak ondo aprobetxatzen ditu aukera horiek

Badakigu saretze hori ez dela erraza, baina zailagoa da egungo kapitalismoak inposatzen digun fragmentazio eta etsipenetik ezer onik aterako dugunik pentsatzea. Ehgam mugimendu zabala, saretua eta eraldatzailea izatea nahi dugu. Eta ziur gaude horretarako, jendea gonbidatzeaz gain, gure erakundearen borroka praktika eta kultura berrikusi eta aldatu behar direla.

Hortaz, Ehgam izan dena ahaztu gabe, elkartea berpentsatu, berrarmatu eta berregituratzeko unea dela uste dugu. Berramestu, beharrezkoa den guztia zalantzan jarri eta begirada urrunera paratu gure helburuak finkatzeko. Berrarmatu, jorratu beharreko gaiak pentsatu eta erabili beharreko tresnak irudimenez eskuratzeko. Berregituratu, gure indarrak antolatzeko moduaz hausnartu eta konpromisoak hartzeko.

Lehen pausu gisara, duela egun batzuk aurkeztu genuen KOSA hausnarketa-zikloa, hainbat mahai-inguru, eztabaida eta talde-dinamiken bidez problematika ugari tratatzeko helburua duena. Lauzpabost ekimen dira, eta jakin badakigu problematika, borroka eta subjektu asko falta direla kartelean, baina ekimenak ez zuen inondik inora helburu izan nahi, abiapuntu baizik; elkartu, pentsatu, eztabaidatu eta gureak esateko aitzakia.

Hemendik aurrera, guztioi dagokigu Ehgam berria berrasmatzea, sexu askapenaren alde egiteko tresna, guztiontzako babesleku eta sare ugariren korapilo izan dadin.

Irakurri baita ere:

Iraultza sexuala berrarmatzen

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LGBTI
LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Elena Guinea. Guztiontzako guneak sortzen
“Taberna bat edukitzea ardoak ateratzeko bakarrik, paso”

Etxe honetan askok ezagutzen dute Elena Guinea: 2021eko abenduan aldizkariaren azalean agertu zen, titi bakarrarekin eta irribarretsu, alboan zituela Sandra Barkaiztegi eta Olatz Mercader. Iñurri elkartearen (Min)bizi podcastean entzungo zuten beste hainbatek —Argia... [+]


Bilboko eraso homofoboa Legebiltzarrera iritsi da

Santomasetan bi homofobok sudurra apurtu zioten 23 urteko gazte bati eta kasu horren harira hainbat galdera egin dizkio Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari, LGBTfobiari aurre egiteko neurrien inguruan. Bilboko EHGAMek ere badu zer esana: "Zisheteronorma babesten... [+]


2024-01-08 | ARGIA
LGBT+ eragileek Baionako apezpikua salatu dute Aita Santuak bikote homosexualez esandakoa desitxuratzeagatik

Eliza katolikoak abenduaren 18an argitaratu zuen Fiducia supplicans agirian bikote homosexualak bedeinkatzeko aukera eman zuen. Abenduaren 29an, beste agiri baten bidez, Marc Aillet Baionako apezpikuak Aita Santuaren hitzak bere modura interpretatu zituen. Bere elizbarrutiko... [+]


2023-08-24 | Ilargi Manzanares
Pertsona trangeneroen aurkako erasoak handitu egin dira

Eraildako Trans Pertsonen Behatokiak egindako “Trans hilketen monitorizazioa” txostenean 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30era 44 herrialdeetan izandako 327 pertsona transen hilketak salatu dira.


Eguneraketa berriak daude